lunes, 2 de mayo de 2011

NOR GARA


Samaniego Herri Ikastetxea Tolosako Santa Lutzia auzoan dago eta Orixe, Tolosaldea eta Aransgirekin batera Sta. Lutziako ikasgunea osatzen du.
Gure historia 1970. hamarkadan hasi zen. Garai hartan konzentrazio eskolak han hemenka sortu ziren eta horietako batek Tolosan behar zuen izan, inguruko herri txikietako ikasleak jaso ahal izateko.
Urte hauetan asko izan dira ikastetxean atzemandako aldaketak. Gure bidean makina bat oztopo gainditu behar izan ditugu: irakasleariaren ezegonkortasuna, honen hizkuntza ezagutza maila, eskola publikoaren irudi ezkorra (edo aurreiritzi okerrak), espazio falta... baina Samaniego osatzen dugunon gogoak, ilusioak eta eguneroko lanak aurrera egitea ahalbidetu digu, gaur egun garen honetara iritsiz. Haur Hezkuntza eta Lehen Mailako Hezkuntza eskaintzen dugu, D ereduan soilik.
Urteak joan urteak etorri, eskola komunitatearen ezaugarrien aldaketak (Tolosa bertatik datorren ikaslegoaren hazkundea, orotariko egoera sozio-ekonomikoak, gizartearen egoera aztertzean sortzen diren kezka eta eskakizunei erantzun beharra...) gure eguneroko zereginetan eragin nabaria izan du, bai kudeaketa partehartzailea eta aktiboa bai kalitatezko hezkuntzaren bultzadan. Bestalde, konpromiso garbiak hartu ditugu gai hauekiko:
  • Gure hizkuntza eta kulturarekiko (euskararen normalizazioa abiapuntutzat hartuz)
  • Ingurumenarekiko ( bandera berdea duen eskoeskola bihurtu gara eta Haur Hezkuntzako  eskolak baldintza bioklimatikoak ditu)
  • Gure herriarekiko (zenbait forotan parte hartuz)
  • Kultur aniztasunarekiko (Kolonbiako eskola batekin senidetuta gaude)
  • Teknologia berrien trebakuntza eta erabilerarekiko
  • Elkarbizitza osasuntsuarekiko
Dauzkagun baliabideak eta zerbitzuak etengabe sortzen diren beharrei erantzuteko pentsatuta daude, irakaskuntza prozesuan eta bestelakoetan: haur txokoa, ludotekak eta mendi irteerak, jangela, garraioa, eguerdian eskaintzen diren ekintzak, eskolaz kanpokoak (kirol eskola...) eta jarduera hauek aurrera eramateko “Gorosti” guraso elkartearekin batera ari gara lanean.
Gurasoei dagokienez, azken urteotan seme-alaben heziketan duten inplikazioa areagotzen ari dela begibistan dago. Horrela, eskolak eta familiak izan beharreko loturak estutzeko ahaleginean datza ikastetxeak eskaintzen dituen zenbait ekimen: gurasoentzako hitzaldiak, gurasoen partaidetza batzorde guztietan (ekonomi batzordea, jangela batzordea, euskara batzordea, ingurumen batzordea, kirol batzordea, elkarbizitza batzordea, teknologia berrien batzordea). Ikastetxea eta familia, heziketaren osagai diren neurrian, elkarren arteko koordinazioari behar den bezala erantzutea litzateke gure erronka nagusietariko bat.
Hau da, beraz, gure errealitatea. Nondik gatozen badakigu, baita non gauden ere. Hemendik aurrerako egitasmoak, eskuartean daukazun Hezkuntza Proiektuaren isla izango dira, bera baita, azken finean, eskola-elkarteko sektoreek onartutako hezkuntza-aukera adierazten duena, hain zuzen ere, ikastetxearen jardueren bidez lortu nahi diren oinarrizko baloreak eta helburuak identifikatzen dituena.   

No hay comentarios:

Publicar un comentario